XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Orinocokoarekin konparatuta, luxuzko bidaia zen hura.

Untziaren erdian olanazko aterpea prestatu zuten eta barruan mahaia eta aulki batzuk ipini zituzten.

Adreiluzko sukaldea ere bazuten eta sukaldariak bere plater xumeak han maneiatzen zituen.

Elikagaiak atoian zihoazen txalupa txiki batean.

Lau egun igaro zituzten ibaian eta ekainaren 4ean Kazanera (50.000 biztanleko hiri musulmanera) iritsi ziren.

Gelditu gabe eta beti ere ekialdera joz.

Humboldtek Siberiako estepa ikaragarria horizontean galtzeraino ikusi ahal izan zuen.

Asian ziren jadanik eta ekainaren 15ean Jekaterinburgera (gero Sverdlovsk izandakora) heldu ziren.

Hura zen Uraletara irteerak egiteko (hau da, helburu nagusira abiatzeko) abiapuntua.

Hilabetez Humboldt eta bere lankideak mendietan harat-honat ibili ziren meategiak eta mineral-hobi guztiz aberatsak aztertzen.

Bazirudien burdinak, kobreak, malakitak, berilioak, topazioak eta batez ere urreak eta platinoak Ural mendiak erabat betetzen zituztela.

Batzuetan Humboldt harkozkoz betetako maldetan seguru joaten zen, garai batean Chimborazoko aldapetan bezala.

Zenbaitetan meatzetara arratsalderarte ez zen heltzen eta gaueko bederatziak baziren ere jaitsi egin nai izaten zuen.

Bere neurketak metodikoak eta zehatzak ziren, baina une zirraragarriena Uraletan lehen aldiz diamantea aurkitu zutenekoa izan zen.

Berez, tropikoetatik aparte aurkitutako lehen diamantea zen eta Humboldtengan berebiziko eragina izan zuen.

San Petersburgetik irten baino lehen, tsarrari esana zion Uraletan diamantea aurkitu arte ez zuela Errusia utziko.

Ez zen harrokeria, ez.

Haitzen estratifikazioaz egindako geologi lanean, Humboldt konturatu zen Brasilgo diamanteak askotan platinoa eta urre-hondarrak zeudeneko lekuetan aurkitzen zituztela.